jueves, 20 de abril de 2017

"Emea eta piztia": emakumea eskuin muturraren aurka

Jadanik patroi bat da, eredu bat: argazki batean emakume bat agertzen da, lasaitasun osoz, baina irmo, mundua zeharkatzen dabilen faxismoaren eta autoritarismoaren mamuari aurre egiten... eta irudia, berehala, biral bihurtzen da sare sozialetan.

Horrela hasten da gaur Edu Lartzanguren-ek Berrian idatzitako bi orrialdeko erreportajea. Bost irudi dira artikuluaren ardatz, eta horien guztien atzean urteetan milaka emakumeek anonimotuan egindako mila ekarpen. Galdera ikurrak ere topatuko ditugu. Femismo globalak XX. mendean landatutako hazien fruituak ote? Kasualitatea al da eskuin muturraren buru berriak emakumezkoak izatea?. Alemaniako Alemaniarentzat Alternatiba (AFD) alderdiko Frauke Petry, Frantziako Fronte Nazionaleko Marine Le Pen eta Baionan joan zen astean protestak eragin zituen haren iloba Marion Marechal-Le Pen. Baita Madrilgo neonazien aurpegi den Melisa Dominguez ere.

Vietnamgo gerraren aurka Washingtongo Pentagonoan 1967ko urriaren 21ean eginiko protestan emakume bata agertzen da, Polizia Militar baten fusilaren kanoian krabelin bat jartzen. Bernie Boston argazkilariak hartu zuen irudia, eta Flower Power izenburuarekin pasatu da kontzientzia kolektibora.


Danuta Danielsson andrea, neonazien aurka, 1985. urtean, Vaxjon (Suedia).


Tess Asplund emakume beltz suediarra erretratatu zuen David Lagerlof argazkilariak, iazko maiatzaren 1ean, eskuin muturreko manifestazio baten aurrean ukabila altxatuta.


Bi hilabete geroago, Leshia Evans emakumea protagonista duen irudi harrigarria hartu zuten Jonathan Bachman argazkilariak, Baton Rougen (AEB). Poliziaren bortizkeria salatzen ari zen emakumea superbotereak balitu bezala agertzen da, atxilotu duten bi polizia superarmatuen aurrean. World Press Photo saria irabazi zuen irudiak.


Saffiyah Khan emakumeak irribarre baten bidez egin zien aurre English Defence League talde xenofoboko kide bortitzei, Birminghamen (Ingalaterra), apirilaren 8an, eta hala ageri da Joe Giddensen irudian.




* Artikulu osoa:



martes, 11 de abril de 2017

Ikasleak, tirano txikiak ote?

Hona hemen hausnarketa egiteko aukera polita. PISAkerietan sartu gabe, guztiok gara kezkatuak gure ikasleek maiz mugak onartzeko azaltzen dituzten zailtasunak edota ezintasuna. Ezetz esan ez zaien kreatura hauskorrak dira gure gazteak. Egundoko oztopo pertsona buruaski eta arduratsu izateko, nere iritzi apalean. Irakur dezagun Anjel LertxundiBerrian apirilean 7an idatzitako zutabetxoa:


Tirano txikiak


Suedia buruan zen PISAren orain arteko rankinetan, baina azken aldian nabarmen doa bikaintasunaren eskaileretan behera. Hainbat adituk seinalatu berri du motibo bat: gaurko ume suediarrak «sekula ezetz esan ez zaien kreatura hauskor batzuk dira». Informazioa benetakoa delakoan, etxera ekarriko dut asuntoa (guk Suediari begiratzen omen geniolako besteak beste): gure umeak ere «sekula ezetz esan ez zaien kreatura hauskorrak» bihurtu bagenitu? Horrek esan nahiko luke dena mamurtuta ematen diegula. Esan nahiko luke inolako zailtasun eta eragozpenik gabeko ibilbidea egiten ari direla, eskatutako guztia ematen zaiela. Esan nahiko luke auzo batekin, irakasle batekin, arbitroarekin arazoren bat duten aldiro, umeek dutela beti arrazoi. Esan nahiko luke bideko hartxintxar guztiak kentzen dizkiegula eroritakoan belaunak urra ez ditzaten.

Hori guztia egia bada, esan nahiko luke... tirano txiki batzuk bidaltzen ditugula eskolara.

lunes, 10 de abril de 2017

D ereduan, Oficial Técnico de Sistemas Informáticos... "en castellano, por favor!"

Jakinarazi digute badugula teknikari berria. Mendillorriko BHIko bi eraikinetan ez ezik, beste lau ikastetxeetan ere egingo du lan. Berarekin harremanetan jartzeko, ohiko bidera jo beharko, betiko helbide elektronikoetara. Hori bai, En castellano por favor, ya que ella no sabe euskera. En fin!, D eredua, murgiltze eredua, euskarazkoa, hizkuntza-eskubideak, euskaraz lan eta bizitzeko eskubideak... Beraz, euskaldunok euskaraz hitz egiteari utzi behar, hori bai, beti ere, elkarbizitzaren izenean. Bada, sentitzen dut, baina ez nago batere ados.

Aurreko egunean esan bezala, atzo hasi zen benetako KORRIKA, 360 egun iraungo duena, etapaz etapa baino determinazio handiz ekin beharko dioguna. Ba al gara prest?

Hona hemen Joseba Sarrionandia idazleak 20. Korrikarako idatziriko mezua:

"Alfabetatzearen, euskalduntzearen, ikastolen, euskara batuaren, literaturaren, prentsa idatziaren, irratiaren, telebistaren eta KORRIKA askoren ondoren, azken berrogei urteotako biziberritzearen ondoren, euskararen aldeko mugimendua egonkortu egin dela esaten da, normaltasunaren alde aurrerapauso handiak egin eta normalitate moduko batean lasaiturik edo trabaturik gelditu dela euskaraz bizi ahal izateko asmo kolektiboa.
Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik. Aukerak eta maukerak egin behar izaten ditugu euskaraz bizi nahi dugunok. Belaunaldiak daramatzagu behetik gora elkartzen eta ekiten, erresilientzia honetan, goitik behera ezartzen zaizkigun lasaigarri kulturalak eta traba politikoak gainditzeko. Badugu motibo bat: badugu altxor partikular bat balio unibertsala duena, ispilu batean bezala islatzen dela bizitza hizkuntzan.
Hizkuntzan ikusten du bere burua edozein pertsonak zein komunitatek, oharkabean bada ere, eta hizkuntza kaltetua ispilu apurtua bezalakoa izaten da. Hizkuntza bat desagertzen denean, mundu guztiak galtzen du bizitza ikusteko eta azaltzeko modu berezi bat. Balioa du norberarena denean eta beste batzuena denean ere bai. Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsal bat da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako.
Denona da, dena pribatizatzen ari den sasoian. Ez da agortzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunetan. Eta dohainik erabiltzen dugu, gehien gehiena ordaindu behar izaten denean. Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago. Lapur altxorra balitz bezala edukiko dugu zulo ilunen batean ezkutaturik? Konturatzen zara goizetan ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?"