martes, 28 de abril de 2015

Gaztelugatxe, Bizkaiko gaztelu nafarra

 Aurreko aste buruan memoria gune anitz izan genuen Pirinioetako bi aldeetan: Gernikako bonbardaketaren 78. urtemuga, Baigorriko Nafarroa Eguna... eta mila txoko txiki, gure historiak pairatzen duen inbisibilizazio prozesu luzeari umilki aurre egiten saiatzen direnak. Bizkaiko mutur eder batean topa dezakegu  Nafar historiaren zatitxo bat, baskoiek haien buruari berezko egitura politiko-administratiboa eskaini zioten garai hartakoa. Hona hemen Gaztelugatxeko ermitara igo baino lehen, Nafarroa Bizirik elkarteak ezarritako zutarria:

Gaztelugatxe

Gaztelugatxe
Argazkia: Patxi Abasolo
  Gaztelu baten existentzia jasotzen da Antso III. Nagusiaren semea zen Gartzia III. Nafarroako erregearen garaietako dokumentazioan, 1053. urtean. Eneko Lupiz tenentearen eta bere emaztea zen Todaren bidez, Gaztelugatxe, Sancti Johanis de Castiello izenarekin agertzen dena, dohaintzan eman zioten Aragoiko San Juan de la Peña monastegiari. Hurrengo aipamena 1172an agertuko zaigo, López da Haro Bizkaiko jauntxoak Gaztelako Santa María de la Vid ordenaren aldeko dohaintza egin zuenean.
  1200an Gaztelako Alfonsoak Durangaldea, Gipuzkoa eta Araba lurraldeak konkistatu dizkio Nafarroako Antso VII Azkarrari, 1176an bi erresumen artean sinatutako hitzarmena apurtuz.
  Hurrengo aipamena 1334an agertuko da. Leku honetan babesa hartu zuten jauntxo bizkaitar batzuek, Juan Nuñez de Lararen alde eta Alfonso XI. Gaztelako erregearen aurka aritu zirenak. Azken hauen artean agertzen ziren Joan Mendotzakoa eta Martin Arostegikoa bermiotarrak. Gaztelaren erregearen eraso bortitzaren aurrean, euskaldun ausart hauek, Gaztelako armadaren erasoak erresistitu zituzten hilabete bat baino gehiago, eta honek behartu zuen Gaztelaren erregea eta arma erretiratzera.

martes, 21 de abril de 2015

Itsaso bat gorpu: 900 migratzaile desagertuta

  Libiatik Lampedusara bidean 700 eta 950 migratzaile artean desagertu dira asteburuan; aurten 1.600 inguru hil dira Mediterraneon. Muammar Gaddafi boteretik kendu ondoren, estatua desgertu egin da praktikan, eta Europara itsasotik sartu nahi duten migratzaile gehienentzat irteerako portu nagusia bihurtu da. Kontrol gabezia baliatuta, giza trafikorako mafia sare zabal bat hedatu da herrialde horretan. Gehienbat Frantziak eta Erresuma Batuak sustatu zuten Gaddafi boteretik kentzeko kanpoko esku hartzea, eta, gero, NATOk zuzendu zuen. Haiek babestutako gobernu alternatiboak, ordea, ez du gaitasunik izan Libia kontrolatzeko. Klik solidario bat baino askoz gehiago behar dute, zalantzarik ez.

Berria, 2015eko apirilaren 21a, 2. or.

martes, 14 de abril de 2015

Eduardo Galeano (1940-2015), adiorik ez!

 Atzo joan egin zitzaigun Eduardo Hughes Galeano idazle uruguaiarra. Berak zioenez, "oroitzearekin obsesionatutako idazlea naiz, gauza guztien gainetik Amerikaren iragana oroitzearekin, eta horren gainetik Latinoamerikarena, amnesiara kondenatutako lurra". Pedro de Ursua eta Lope de Aguirre guztien aurrean, Lautaro, Caupolican eta milaka indioren sugarra piztuta izaten lagundu zuen azken unera arte.

Amerikarrak

  Historia ofizialak dioenez, Vasco Núñez de Balboa izan zen, Panamako mendi gailur batetik, bi ozeanoak ikusten lehena. Berton bizi zirenak, itsuak ala?
  Nork ipini zien jatorrizko izena artoari eta patatari, eta tomateari eta txokolateari eta Amerikako mendi eta ibaiei? Hernán Cortések, Frantzizko Pizarrok? Berton bizi zirenak, mutuak ala?
  Mayflower hartako erromesek zuten aditu: Amerika zen Agindutako Lurra, Jainkoak esana. Berton bizi zirenak, gorrak ala?
   Geroago, iparraldeko erromes haien bilobak izenaz eta beste oroz jabetu ziren. Egun eurak dira amerikar. Beste Ameriketan bizi garenok, zer gara, bada?


Eduardo Galeano, Ispiluak: Mundu ia ororen Historia, Txalaparta, 2013.